XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sartu, igo aszensorean, ui, ui, ui, pizza hozten hasia da.

Mantentzen ditu bizi konstatanteak baina ozta-ozta.

Ding-dong, txirrina jo.

Atea zabaldu eta Hara, kontxo! Begira non bizi den Barbie Superestar!

Baina zeinen modelitoa etxean ibiltzeko! Ez du eginen ez, arraultze frijiturik afaltzeko.

Noski atzazal horiekin ezin izanen luke ezta arraultza kraxkatu ere. Baina horretarako daude pizzak, bai anderea.

Barbie badoa diruaren bila.

Ba, gainera ziur nago hau anorexikoa denez ez duela mokau nimiñorik ere hartuko.

Dena janen du hor nonbaiten etzanda dagoen ejekutibo engominatuak, ziur.

Eta makillajea? A, zer nolako Rembrandt daraman aurpegian etxean ibiltzeko!

Eta ilea? Ni horrela ez naiz jartzen ezta ezkontzetarako ere, eta hau, ordea, hala, astearte batean...

Bonboien iragarki hartan bezala, ezta? Gaur; gaur delako.

Ba neska hau ez da ni baino zaharragoa.

Kontrakoa, zaharra balitz ez litzateke hemen eta horrela egonen.

Begira horren gaztea eta dirutan igerika, deus egin gabe, egun santu osoan.

Eta senarra, edo nobioa edo amorantea edo dena delakoa pozik: Barbie partikularra berarentzako. A, zer pagotxa!

Badator. Eskerrik asko. On egin. Agur.

Egunero berdin, beste lan posibleekin ametsetan.

Arropaz aldatu da.

Aldagelatik ateratzen da.

Hau bai uniforme dotorea NASAko astronauten piura daukat.

Discoveryn espaziora bidali zuten Duque horren antza izan behar dut.

Baina ez da harritzekoa, hemengo produktoak kutsakorrak, minbizi eragileak eta guztiz pozointsuak direlakoan nago.

Ez dakit, inork ez bainau ohartarazi, baina hala behar du izan.

Trasteak hartu eta hasi garbitzen.

Egunero gauza bera egin behar du.

Errutina hori haustearren, Nekanek bost ibilbide ezberdin asmatu ditu, fabrika mutur batetik besteraino gurutzatzeko dena garbitzen.

Mendialdeko Turismo Partzuergo baten gidaliburu eder horietako batean bezala, berak ere baditu bere xenda, bide eta alkorzettoak ongi markatuta: